Belabieta
Baserri honen lehen aipamena 1851koa da. Donostiako Toponimian Velabieta izenean agertzen da, eta geroago Belavieta moduan ere bai.
Eusebio Iruretagoiena Balerdi eta Katalina Segurola Garmendiak osatzen zuten hango familia. Eusebio Zarautzen jaioa zen, gero Oikiara aldatu zen bizitzera. 15 edo 16 urterekin, morroi etorri zen Belabietara. Garai hartan, Belabietan ezkongabeko bi mutil eta bi neska bizi ziren, anai-arrebak. Eusebiok familia-lotura zuen Agitikoekin, amaren aldetik. Katalina Segurola, Iranguren baserrian jaio zen, eta neska koskorra zela etorri zen Belabietara. Eu- sebio eta Katalina elkarrekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten: Engraxi, Jose Mari, Mertxe, Maria eta Juanita Iruretagoiena Segurola.
Belabietako anai-arreba ezkongabeak hil zirenean, baserria Eusebio eta Katalinarentzat geratu zen.
Jose Mari semea, ume garaian, Oikiara joan zen bizitzera hango osaba-izebekin. Gerora berriz, Belabietara itzuli zen, eta 15 edo 16 urterekin Fraisoroko nekazaritza-eskolan ikasketa batzuk egin zituen: ganadua nola zaindu, behi-esnearekin gazta nola egin... Eusebio aita idiekin ibili zen lanean hainbat baserritan, eta baita Joxe Arrillagaren harrobian ere.
Jose Mari semea baserriko lanetan aritzen zen, etxean, eta tarteka beste baserri batzuetan segan belarra ebakitzen. Ama eta alaba bat, kalera joaten ziren esnea eta baratzako produktuak saltzera. Baserrian Jose Mari semea gelditu zen eta 1984an baserria guztiz berritu zuten paretak eta guzti botata. Berritu eta gero, behi gehiago jarri zituen, 14 edo 15 bat ale, beren txekorrekin.
Iturria: Jose Mari Iruretagoiena