Amezti Azpikoa

(Amezti Azpicoa(e)tik birzuzenduta)

Donostiako toponimiaren arabera, 1695ean Amezti Azpicoa izenez azaltzen da. Historian zehar, beste zenbait izen ere ageri dira: Amezti de abajo, esate baterako; eta 1860an, berriz, Mesti Azpicoa.

Hiru etxebizitzak osatzen zuten baserria, eta hirurak berdinak ziren. Bata bestearen alboan zeuden, elkar ukitzen. Denborarekin, beheko aldekoa erori egin zen. Aldamenean txabola bat ere bazen.

Baserria Ezeiza sendiarena zen. Juan Ignazio Manuel San Sebastianek errentan hartu eta familiarekin bizitzera etorri zen. Aiako Juana Etxabe Etxabe zuen emaztea. Seme bat izan zuten: Emeterio San Sebastian Etxabe. Semea Josefa Ignazia Aierdirekin ezkondu zen; sei seme-alaba izan zituzten: Juan Jose, Manuel, Ignazio, Bittori, Antxoni eta Julian San Sebastian Aierdi. Hirugarrena gelditu zen baserrian, Ignazio; Joakina Mujika Segurolarekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten: Julian, Ignazia, Bittori eta Anparo San Sebastian Mujika.

Emeterio eta Josefaren bi semeri gerrara joatea tokatu zitzaien; eta, gainera, elkarren aurka aritu behar izan zuten borrokan, bando desberdinetan egokitu zirelako.

Ignazio eta Joakina senar-emazteek baserritik ateratzen zuten bizimodua. Baserrian bost behi eta beste horrenbeste txekor zituzten, eta zaldia. Bi behi erabiltzen zituzten uztarrian. Zelai ugari zuten eta urtean hamar bat belar-meta egiten zituzten. Gainerakoa berdetan ebakitzen zuten ganaduarentzat, jatena moduan. Sagastia ere bazuten eta sagar asko biltzen zuten. Arretxe baserrira eramaten zuten, sagardo egitera.

Bittori alaba gogoratzen da aitari nola laguntzen zion goldatzen, bai goldearen aurrean eta baita atzean ere joaten zela, baratza egiteko soroa prestatzen. Baratzean: patata, azak, porruak, azenarioa... egiten zuten. Barazkiak Donostian saltzen zituen Joakinak, autobusean jaitsita. Ignazio aitak ez zuen ohiturarik ehizean edo arrantzan ibiltzeko; baina Julian semea oso zalea zen.

Ganadua Txulotxoko iturrira eramaten zuten, ur edatera. Gobada egitera, berriz, Txulotxo, Aiztoki eta Gaztaintxabaletako iturrira ere joaten ziren. 1969. urtean baserria saldu eta alde egin zuten handik.

Beste etxebizitzan, Manuela Mujika Segurola bizi zen, Joxe Azurza senarrarekin, aldameneko etxebizitzako Joakinaren ahizpa. Manuelaren senarra Joxe bertako semea zen, Joxe Handia moduan ezaguna. Seme bat izan zuten: Felix Azurza Mujika. Hauek ere baserriko lanetik ateratzen zuten bizimodua, azienda pixka batekin eta baratzeko lana eginez. Hala ere, familia honek aspaldi alde egin zuen bertatik.

Gaur egun, baserriaren lekuan etxebizitzak daude.

XIX. mendean haur asko abandonatzen zen Gipuzkoan. Ezkongabeen haurrak edo miserian bizi ziren familien haurrak izaten ziren gehienetan. Haur horiek etxe jakin batzuetan (tornuan) edo kalean uzten ziren, gauez, ohar batekin. Abizenik gabeko haurrak izanik, aurkitutako herri edo hirien izena baliatzen zen abizena jartzeko.

Horixe izan zen Manuel San Sebastianen kasua; Donostiako Josefa Ignazia de Maizen barrakan utzi zuten gauez eta haurrarekin batera utzitako oharrak aditzera eman zuen Manuel izena zuela eta 1831ko martxoaren 22an San Bizente elizan bataiatua izan zela.