Lehen aipamena 1830ekoa da, Donostiako toponimiaren arabera. Asi-erruqui izenarekin azaltzen da. Lehenbiziko nagusiak Legorretako Juan Bautista Ugarte Iraola eta Orioko Maria Concepcion Esnal Ibargoien ziren. Zazpi seme izan zituzten: Bernardo, Benito, Isidro, Benigno, Ignazio, Jose Joakin eta Jose Antonio Ugarte Esnal. Isidro gelditu zen baserrian. Balda Zahar baserriko Concepcion Zinkunegi Arrutirekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Jose Juan, Anttoni, Antonio eta Domingo Ugarte Zinkunegi. Gerora, Anttoni gelditu zen baserrian.

Baserrian ganadua izaten zuten: bost bat behi eta beste hainbeste txekor, idiak, zaldia, oiloak... Baratzeko lan askorik ez zuten egiten, baina etxerako bai eta, sobera gelditzen bazitzaien, saltzera ere eramaten zuten Antiguara. Fruta asko jasotzen zuten: udareak, gereziak, pikuak, aranak... Erleak ere izaten zituzten eta paumak ere bai. Inguruko baserriekin auzolanean aritzen ziren: metak egiten, arto jorran... Idi-deman ere hainbat aldiz aritu izan ziren, Igeldoko zein Usurbilgo plazan. Baserriaren aldamenean erreka pasatzen zen, bertara eramaten zuten ganadua ur edatera; gobada ere bertan egiten zuten. Ferratokia zuten baserrian, eta Maximinio etortzen zen etxera, behiak eta idiak ferratzera.

Asurriki baserriak teilatu oso bajua zuen, bi alboetan altura gutxi zuena. Erauntzeta Txiki baserriko Plazidoren laguntzarekin lortu zuten teilatuari altura gehiago ematea, teilatua kendu gabe.

Horretarako, dolare baten ardatza erabili zuten. Plazidok irtenbide merke eta ezin hobea eman zion: Dolarearen ardatza erabilita, teilatua pixkanaka altxatzen joatea, hasieran alde batetik igo, azpian egurra jarriz altxagarri gisa, eta gero bestetik. Modu horretan, pittinka-pittinka, metrotik gora altxatu zuten teilatua.

Baserrian dolarea zuten, eta etxeko zein inguruko baserrietako sagarrekin sagardoa egiten zuten. Gerora, Egioleta baserrira eraman zuten dolarea eta hara joaten ziren sagardoa egitera.

Antonioren alaba Itziarrek gogoan du Isidro aitona igandero gelditzen zela bi edo hiru lagunekin, elkarrekin gosaltzeko.

1980. urte inguruan baserria saldu egin zieten donostiar batzuei. Gaur egun teilatua konponduta dauka eta zutik segitzen du.

Iturria: Itziar Ugarte