Igeldoko baserrien izendegian aurkitu dugun baserri honen lehenbiziko aipamena 1625. urtekoa da. 1832an Balta-sar eta Baldasar izenez ere azaltzen da. Baserria Usurbilko mugan dago, kasko batean.

Jose Kruz eta Manuel Zinkunegi Arrutiren gurasoak Usurbildik etorri ziren, maizter. Baserrian bi anaiak gelditu ziren. Jose Kruz Usurbilgo Luziana Urruzmendirekin ezkondu zen; bi seme izan zituzten: Benito eta Fermin Zinkunegi Urruzmendi. Benito Hernaniko Juana Ormaetxea Olarrarekin ezkondu eta lau alaba izan zituzten: Kontxi, Mari Kontxi, Mari Jose eta Mari Karmen Zinkunegi Ormaetxea. Kontxi eta Mari Karmen jaio berritan hil ziren.

Jose Kruz eta Manuel Zinkunegik eskusoinua jotzen zuten. Jose Kruzen semea ere, Benito, 14 urterekin hasi zen eskusoinua jotzen, txikitatik aditu baitzuen etxean instrumentua. Leku askotan ibili zen jotzen: Igeldon, Ibaetan, Usurbilen, Amaran... Lagun arteko bazkarietarako edo despedidetarako ere deitzen zuten. Benito oso musikari trebea zen. Herritar batzuek gogoratzen dute nola behin bere piezarik luzeena Gudamendin jotzen hasi eta Polipasoraino segitu zuen, isildu gabe. Benito Ja, Ja oihuarengatik zen ezaguna herrian.

Benitok eta Juanak bi alaba bizki izan zituzten. Juanak haurrak astoaren saskian sartu, eta astoa bakarrik bidaltzen zuen bidez bide, ama mendian gora oinez joaten zen eta goian elkartzen ziren.

Bai aiton-amonak eta baita gurasoak ere baserriko lanetan aritzen ziren. Bizpahiru behi eta astoa zeukaten; baratzeko lana ere egiten zuten. Manuelek erleak ere izan zituen, eztia egiteko.

Inguruko baserrietako emakumeek Langa gorri deituriko bidegurutzean uzten zuten astoa lotuta, eta Igarako Arpita baserriko Tomas Lizarazuren autobusean joaten ziren San Martineko azokara, esnea eta barazkiak saltzera.

Ur bila, etxe ondoan zegoen errekara joaten ziren, baita arropa garbitzera ere. Balda Berri baserriko Fermin Zinkunegi eta Erauntzeta Txikiko Kandido Insausti arrantzan aritzen ziren errekan, eskailuak eta aingirak harrapatzen. Egun batean, aingira baten atzetik harri bat altxatu eta suge handi bat topatu zuten; ustekabearekin izututa, ez ziren gehiago joan. Baserri inguruko txori-kabiak bilatzen ere trebeak ziren.

Ferminek Antiguako garagardotegian egin zuen lan, bolada batean; eta gerora, bai Benito eta baita Fermin ere Lasarteko Michelinen aritu ziren.

Garai batean, txita eta oilaskoen etxaldea izan zuten. 3.000 txita jaiotzen ziren eta, 40 egunean, saltzeko moduan egoten ziren. Hamar bat urtez aritu ziren lan horretan.

Juana nahiko gazterik hil zen. Benito, alargunduta, beste emakume batekin ezkondu zen.

Halako batean, saldu egin zuten baserria. Erosleek, hasiera batean, Tennis Club bat jarri zuten. Gaur egun, berriz, kanpin bat dago baserria zegoen lekuan eta haren inguruan.