Itsas Aurre

(Buenos Aires(e)tik birzuzenduta)

Kultur etxea Igeldoko plazan dago, Plazetxe deituriko etxearen ondoan. Urte askoan Itxasaurre izenez ere ezagutu izan da, baina gaur egun jende gehienak kultur etxe moduan ezagutzen du. Murgildu gaitezen eraikinaren historian.

1930eko hamarkadan Igeldoko medikua bizi zen etxe horretan. Urte batzuk geroago, Donostiako Parte Zaharrean denda bat zeukan Jornet familiak erosi zuen etxea, eta ama-alabak bizi izan ziren han zenbait urtez.

1936ko gerra bukatu berritan, historiako aro beltzenetako batean murgildu zen Igeldoko gizartea. Eraikina Falangearen eskuetan geratu zen, haiek bereganatuta. Aterpetxea jarri zuten bertan; Villa Buenos Aires moduan ezagutzen zuten. Falangistek antolatutako egonaldietara gaztetxoak ekartzen zituzten, haien ideologian murgilaraztera.

Falangeak etxea utzi eta gero, aterpetxearen kudeaketa eskuz aldatu zen. Atzerriko jende askok hartzen zuen ostatu Itsas Aurren garai hartan, alemaniarrek bereziki. Teixa Martikorena eta Maritxu Landa izeba-ilobak sukaldari eta zerbitzari lanetan aritu ziren hainbat urtez.

1975ean, Franco hil ondoren, Auzolan taldea sortu zen, herriaren kudeaketaz arduratu eta herritarren beharrak asetzeko asmoz. Garai hartan, eraikina oso egoera txarrean zegoen. Etxea hutsik geratu zen eta Txapela tabernakoek biltegi moduan erabili zuten (botila gutxi batzuk gordetzen zituzten han, nahiz eta eraikina egoera arriskutsuan egon). Gaur egun herriko aparkalekua dena sasiz beteta zegoen. Urte haietan, behin eta berriz eskatu zitzaion udalari eraikina erosteko, herritarrek erabiltzeko. Udalak, urtero, diru-partidatxo batzuk onartu zituen eta, herritarrek auzolanean lan asko eginez, eraikina txukundu egin zuten.

Herri Kontseilua sortu zenean, 1997an, eraikin osoaren lagapena lortu zen. Gela bat jubilatuen elkartearena izatea adostu zuten, nahiz eta gero ez zitzaion ia erabilerarik eman. Gaur egun Din-Din elkartea dagoen eremua ikastolak erabiltzen zuen orduan, gimnasio gisa. Ikastolak beste gela batzuk ere erabiltzen zituen, zenbait ekintzatarako. Garaiko Herri Kontseiluak lagapena egin zion Din Din elkarteari. Erabilera elkartearen esku geratu zen, baina betiere diru-irabaziak izanez gero, herriaren beharrei erantzuteko bideratzekotan.

Pixkanaka, gero eta ekintza gehiago antolatu ziren, eta kultur etxe izaera hartzen hasi zen; hau da, kultur jarduerak egiteko eta herritarrak elkartzeko topagunea izaten. Egun, herriko beharretara egokitzen den espazioa da, eta dinamizatzaileak egin ohi du koordinazio-lana