Etxe Sindikalak

(Casas baratas(e)tik birzuzenduta)

Arritxulo bidean dauden etxeak dira Igeldoko aurreneko babes ofizialekoak. Etxe horiei hainbat izen eman zaizkie Igeldon: casas baratas, etxe berriak, edota etxe sindikalak.

Damentzatrescre baserritik bereizitako lursailak aukeratu ziren etxeak eraikitzeko, jabe askoren lurrak zirenak hain zuzen ere: Jose Luis Etxebeste, Jose Mari Izagirre, Juan Antonio Ugarte, Balbina Ignazia Arruti, Bizente Iraola, Rosario Martikorena, Antonio Doromaro, Juan Jose Huegun, Ignazio Arrillaga, Mateo Landa, Manuel Arruti, Manuela Berridi eta Isidro Agoteren lurrak ziren. Hala ere, jabe horiekin guztiekin adostasun batera iritsi eta lursailak 22.200 pezetan erosi ziren 1951ko abenduan. Horri esker, babes ofizialeko 13 etxebizitza eraikitzeko baimena eskuratu zen. 1962an lortu zuten etxe horiek legezko kalifikazioa.

Leku Eder-eko Josetxo Zamora apaizak jarri zuen martxan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko proiektua. Haren heriotzaren ostean, Fabian Loidik ordezkatu zuen. Etxeak esleitzeko, etxeen jabeak nortzuk izango ziren erabakitzeko, ez zen inongo zozketarik egin; apaizaren esku geratu zen etxeak nori esleitu.

Familia asko bizi izan da bertan: Mendebaldeko eraikinean, Jenaro Aisa eta Maria Loidi senar- emazteak, Maria Puy Aisa, Joxe Mitxelena eta horien alaba Estitxurekin; Gregorio Santamarta eta Pantxika Aiestaran; Ana Mari Santamarta, Joxe Orbegozo eta horien alaba Olatz; Antton Aiestaran eta Bixenta Aginagalde senar-emazteak eta Jose Antonio eta Koro seme-alabak; Akelarre jatetxeko hamaika langile, haietatik Felix Etxabek egin zuen urte gehien.

Erdiko eraikinean Izko familia bizi izan zen. Familia horrez gain, Tomas Balda eta Maria Jesus Sarasua senar-emazteak, beren hiru semeekin: Imanol, Iñigo eta Mikel. Maria Jesusen bi osaba (Ramon eta Juan Arrillaga Enbil) eta amona (Maria Luisa Enbil Etxeberria) ere etxe berean bizi izan ziren.

Baita ondoko hauek ere: Pedro Mari Martiarena eta emazte Pilar, Fernando eta Mari Pili seme-alabekin; Jose Mari Izagirre eta Xixili Arrillaga senar-emazteak, Juanito Izagirre semea eta haren emazte Albina Hortelano, beren seme-alabekin: Jose Manuel, Juan Karlos eta Laura; Julian Oliden, emazte Loli eta lau seme-alabekin: Sonia, Elena, Loli eta Julian; Jose Fran Goñi eta Maite Martikorena senar-emazteak eta beren lau seme-alabak: Maite, Joseba, Amagoia eta Zigor; Bittor Iturrioz eta Antxoni Zubeldia senar-emazteak eta beren seme- alabak: Juan Mari, Jose Antonio eta Arantxa; eta Jose Mari Zubizarreta eta Josepatxo Aiestaran senar-emazteak eta hiru seme-alabak: Koro, Begoña eta Iñaki.

Ekialdeko eraikinean, Fabian Loidi Rezola eta emazte Itziar Azurmendi; Pako Calonge eta Kontxi Aisa senar-emazteak, Pako, Idoia eta Amaia seme-alabekin; Juan Jose Huegun eta Maribel Martikorena beren seme-alabekin: Iñigo, Amaia eta Xabi; eta Izaskun Etxebeste eta Fermin de la Fuente senar- emazteak, Erik eta Igor semeekin.