Durandegi
Baserri honen lehen aipamena, Donostiako toponimiaren arabera, 1566. urtekoa da eta Durandegui moduan azaltzen da; 1864an, berriz, Dorandegui. Baserria bi zatitan egina dago, eta orain urte gutxi konpondua dago berriz.
Frantziska Odriozola Ezeiza, Durandegikoa, Altzako Arruti batekin ezkondu zen, eta hiru alaba izan zituzten: Maria, Patrizia eta Josefa Arruti Odriozola. Maria gelditu zen baserrian eta Ibarrako Elias Zubelzu Otegirekin ezkondu zen. Bi seme izan zituzten: Pablo eta Felix Zubelzu Arruti.
Elias Zubelzuren anaia Josek baserrian laguntzen zuen, baina Ansotegin bizi zen morroi moduan. Etxean beste mutil bat hartu zuten, familiakotzat, Jose Luis. Michelin lantegian egiten zuen lan, baina baserriko lanetan ere laguntzen zuen.
Ukuiluan beti izan ohi zuten ganadua: txerria, astoa, oiloak… Inguruko baserrietara ere joaten ziren auzolanera, goldean laguntzera esate baterako. Baratza ere askotxo egiten zuten, eta fruta- arbolak ere bazituzten. Maria egunero joaten zen Antiguara bere astoarekin, barazkiak eta esnea saltzera. Gerora, gurditxo bat erosi zuen.
Baserri ondoan aska bat zuten, eta ganaduarentzako ura bertatik hartzen zuten. Gobada ere bertan egiten zuten.
Pablo semeak Matia erresidentzian lan egin izan zuen, igeltsero moduan, mantenuan. Erretiroa hartuta, bertan bizi izan zen, 2022an hil zen arte. Felix anaia, berriz, mekaniko aritu izan zen, makina-fresatzailean.
Iturria: Pablo Zubelzu Arruti