Sukaldaritza liburua/Errezetak/Udako entsalada

Errezeta-liburuaren parte.

Osagaiak aldatu

4 LAGUNENTZAT[1]

  • Laranja bat
  • Sagar bat
  • Bost intxaur
  • Hamabi gerezi
  • Limoi bat
  • Letxuga gorria
  • Oliba olioa
  • Gatza


Pausoak aldatu

1 Udako sasoian eguraldi beroak estutzen duenerako, hona hemen freskoa bezain goxoa den plater bat: udako entsalada. Hasierako plater gisa nahiz haragiekin zein arrainekin lagungarri moduan ere presta daiteke entsalada fresko hau.

2 Hasteko, letxuga garbitu. Ur freskotan bost minutuz eduki, gogortasun pixka bat har dezan. Ondoren, ongi lehortu, eta ontzi zabal batean jarri, puska txikietan moztuta.

3 Ondoren, hartu intxaurrak, aletu, eta puska txikietan zatitu. Gehitu intxaur zatiak letxugari. Gereziak erditik moztu, eta hezurra kendu. Gehitu gereziak ere ontzira.

4 Laranja ongi zuritu ondoren, erditik ebaki, eta, ondoren, xaflatan moztu. Laranja xafla horiek pixka bat lodixeagoak izan behar dute. Laranja xafla horiek plater edo erretilu batean kokatu, bata bestearen ondoan, borobil forman.

5 Ontzian ditugun fruituei eta letxugari gatz pittin bat bota, eta gehitu limoi erdi baten zukua eta oliba olio zorrotada bat. Guztia ongi nahastu. Ondoren, laranja puskak ditugun plateraren erdian kokatu letxuga fruituekin.

6 Azkenik, moztu erditik sagarra, bihotza kendu eta xafla finetan moztu. Jarri sagar zatiak entsaladaren inguruan. Ea zuen gustukoa den!

Erreferentziak aldatu