Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Altzoko erraldoiaren lurretan

Laparmendi eta Otsabio mendiak lotzen dituen gandorrean zehar ibilbide zirkular bat egiteko aukera ederra dugu txango hau. Migel Joakin Eleizegi 'Altzoko erraldoiaren' jaioterriaren lurretan ibiliko gara [1]

Altzoko erraldoiaren lurretan
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Altzo, Arteotako lepoa, LAparmendi, Otsabio
Distantzia 13,5. 3 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Laparmendi eta Otsabio mendiak lotzen dituen gandorrean zehar ibilbide zirkular bat egiteko aukera ederra dugu txangoa. Migel Joakin Eleizegi 'Altzoko erraldoiaren' jaioterriaren lurretan ibiliko gara.
Abiapuntua Altzo
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Otsabio mendiaren magalean dagoen herrian jaio zen, Altzon, Migel Joakin Eleizegi, Altzoko erraldoia deritzona. Altzo Beheko Ipintza-zaharra baserrian sortu zen, joan den mendean. Europako gizonik altuena izan zen, eta bere neurri apartak erakutsiz ibili zen Europa osoan zehar. Diotenez, 2,40 metro luze eta 184 kiloko gizon mardula izatera iritsi zen. Haren neurriak nolakoak ziren jakiteko, elizaren horman dagoen marka edo jaio zen baserria bisitatu besterik ez dugu. Erraldoi euskaldun izenez aurkezturik, Europako hainbat hiritan ibili zen, eta gurean nahiz kanpoan egin zen ezaguna. 43 urterekin hil zen, Altzo Azpiko Ipintza baserrian, biriketako tuberkulosiak jota.

Altzora iristeko, Alegiatik abiatuz gero, bi aukera ditugu. Lehena Altzo Behekoa igaro eta Altzo Goikora zuzenean igotzea da; bigarrena, berriz, Alegiatik Amezketara doan bidea hartu eta herritik ateratzean Altzo Goikora doan errepidea hartzea. Herriko plazatik atera, Lizarribar eta Elordi etxeen artean dagoen asfaltozko bidea hartu eta, segidan, Aizpe baserriaren ondoan dagoen iturrian aurkitu ditugu lehen bide seinale zuri-gorri-horiak. Marka horiek, PR-Gi 113koek (Altzomendiko ibilbidea) eta GR-21ekoek (Xabier-Loiola ibilbidea) lagundu digute ibilbidearen lehen zatia betetzen. Haiei jarraituz eta asfaltatutako bidean barna gorantz eginez, ezkerraldera ateratzen den bidea aukeratu dugu, eta Goikoetxea baserriaren ondora atera gara. Legasako errekak osatzen duen bailararen ikuspegiaz gozatuz, berehala gas-estazioaren ondora heldu gara, eta han, automobilak bazterrean aparkaturik. Lurrezko pistak gorantz egiten du eta lehen aldatsa igo ostean, bidegurutzean, ezkerretik Otsabiora zuzenean ateratzen den bidea (zuhaitzean, txartel txiki bat iltzaturik) itzulerarako utzi dugu, eta bide seinaleek erakusten duten bidean barna egin dugu aurrera.

Laparmendi

aldatu

Ezker-eskuin ateratzen diren bide eta zidorrei jaramonik egin gabe, bide nagusian zehar segitu dugu Azkarateraino doan bide erosotik. Pinudi eta pagadiak zeharkatuz, Arterrekako harrobiaren gainaldetik igaro gara, eta zertxobait aurreraxeago, PR-Gi 113a bitan banatzen den lekuan, ezkerraldetik ateratzen den bidea hartu dugu, egurrezko hesolak erakusten duen norabidean. Arteotako lepora igo, eta segidan beherantz egin dugu tarte batez. Orain arteko zidorra pista zabala bihurtu da. Berehala, bidea hirutan banatzen den leku batera iritsi gara. PR-Gi 113aren marka zuri eta horiek eskuinalderantz egiten dute; GR-21aren zuri eta gorriek, berriz, erdiko bidea erakusten digute, eta, azkenik, ezkerretik markarik gabeko beste bide batek gorantz egiten du. Azken hori aukeratu, eta aurrera egin dugu, sigi-saga luzeak eginez. Txondor-plaza batera heltzean, ezkerraldetik ikusgaitz xenda batek altuera irabazi eta mendi-bizkarreraino eraman gaitu.

Pagoz estalitako gandor luze bat agertu zaigu gure begien aurrean, eta ipar-mendebalderantz doan bide nabarmenari jarraituz, azkar iritsi gara Pagoaundiko tumuluaren ondora. Orain arteko bide erosoa trakets bihurtu zaigu, belar eta orbelez estalitakoa haitzezkoa bilakatu zaigu eta horrek gure ibilera moteldu du. Tarteka deserosoa gertatzen bada ere, ikuspegi paregabea eskaintzen du. Gertu, Leizetxikikogaineko tontortxoa dugu, eta aurrerago, beti gandorrean zehar ibiliz, Laparmendira igo gara. Mendikate honen lekurik garaiena da.

Otsabio

aldatu

Gandor luzean zehar orain goraka orain beheraka eginez eta aldamioetan kokaturiko ehiztari habia ugarien artean Otsabioko tontorrera iritsi gara. Han, erpin geodesikoa, gutunontzia eta pare bat gurutze. Leku horretatik ez daukagu ikuspegiaz gozatzeko aukerarik, zuhaitzek inguratzen baitute. Zintzurra freskatzeko beta hartu, eta marka gorriei jarraituz, ipar-mendebalderantz jaisten hasi gara, oso bidezidor nabarmenetik. Itxitura baten ondora heltzean, ezkerrera egin dugu xenda batetik, eta, ondoren, biderik nabarmenena aukeratuz, hasieran utzi dugun bidegurutzera jaitsi gara. Igo garen bidetik iritsiko gara Altzora.

</gallery>

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua