Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Etxabarriko haitzak

Halako talaia bikainak aukera ezin hobea eskaintzen du Lokizko harresi eta amildegiez, Ameskoako ibarraz eta Lizarrerriko ikuspegi paregabeaz gozatzeko.[1]

Etxabarriko haitzak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Azantza, Etxabarriko haitzak, Larraitza, Azpala
Distantzia 14,5 kilometro
Ingurunea Halako talaia bikainak aukera ezin hobea eskaintzen du Lokizko harresi eta amildegiez, Ameskoako ibarraz eta Lizarrerriko ikuspegi paregabeaz gozatzeko.
Abiapuntua Irantzu
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Urbasako hegoaldeko ingurune atseginetako bat zeharkatzen du ibilbide honek. Irantzu gainean dagoen haran txiki batetik igo, Etxabarri eta Larraitzako gandorretan ibili eta Irantzu ibaiaren arroila ezagutzeko parada ezin hobea eskaintzen du. Ezpel, haritz, pago eta artez jantzitako sakon eta amildegi ikusgarriak bezain erakargarriak ikusiko ditugu.

Monasteriora heldu aurretik dagoen aparkalekuan ibilgailua utzi, botak jantzi, motxila bizkarreratu eta martxan jarri gara. Gertu dagoen xenda batetik igotzen hasi beharrean —oso higatuta baitago—, Irantzu ibaiaren arroila aldera jo dugu han dagoen egurrezko hesola batek ageri duen norabidean (SL NA-180). Berrehun bat metro aurrerago, bide nagusia utzi, eta ezkerraldetik ateratzen den beste pista bat hartu dugu. Progresiboki igo gara, eta, lehen izerdi tantak irristatzen hasi orduko, bidea leundu egin zaigu. Artea nagusi den eremu horretan, haritz ilaundun batzuk tartekatzen dira. Metro batzuk hortik egin, eta aldapa txiki bat jaitsi dugu, Abartzuzatik datorren pistarekin bat egin arte.

Ezkerraldetik, Eraul aldera doazen saihesbideak utzi, eta pista zabal eta erosoan barrena segitu dugu. Ipar-mendebalderantz doan bide nagusiaren alboetara zutitzen diren arte eta haritz ale bikainek, eguzkiaren izpien gozoa eragotzi digute. Burdinazko ate baten ondora heltzean, PR NA-181ari dagozkion egurrezko seinaleak bide bazterrean ikusi, eta, ezkerraldetik Erauletik datorren bidearekin bat eginez, harrizko pistatik gorantz jo dugu. Bide seinale zuri eta horiek erakusten diguten bidetik, bihurgune handi bat igaro, eta pagadia nagusitzen den eremura iritsi gara. Metro batzuk aurrera egin, eta eskuinaldean burdinazko ate bat ikusi dugu —handik itzuliko gara—. Ehun bat metro egin, eta bidegurutze berri batera iritsi gara. Bide balizatua utzi, eta ezkerretik jota, pinu eta pago artean hedatzen den bide zabaletik Lizarrako M.E.-ren aterpea aurkitu dugu.

Norabidea aldatu gabe, aurrez aurre dagoen pinudian ikusi dugun xendan barrena segi, eta berehala atera gara ezpel, txilar eta ipuruz zipristindutako zelai batera. Zuzen igo, eta eskuinaldetik ateratzen den bidetik pagadi eder batean sartu gara. Basotik atera, eta ezpel eta garo gutxi batzuen artean ezkerraldera jo, iturri baten ondotik pasatu, eta berriro pagadian sartu gara. Eskuinaldean, egoera kaskarrean dagoen itxitura bat ikustean, bide nagusia utzi, eta basoa zeharkatuz gainaldera jo dugu xenda ikusgaitz batetik. Kostatu zaigu, baina, azkenean, parterik altueneko puntutik bospasei metro beheraxeago aurkitu ditugu Lizarra M.E.-k eraikitako harrizko zilindroa, eta burdinazko txikiago bat, mendizale baten oroimenez jarritakoa.

Ikuspegi paregabea! Talaia bikaina! Lizarrerria, Jurramendi, Deioko Villamayor de Monjardingo gaztelua, Sartzaleta eta San Kosme, Lokizko mendilerro dotorea, Ameskoa… Postal eder horretaz gozatu ostean, mendizale batzuek Peña Azanza esaten dioten gainaldera jo dugu. Hego-ekialdera jaitsi, eta bostehunen bat metro egin ostean, eskuinerantz jo, eta, kostata bada ere, Euskaraz Bizi Taldeak jarritako plaka batek lagundu digu lekua aurkitzen.

Larraitzara joateko, etorritako bidetik atzera egin dugu, lehen ikusi dugun iturriaren ondora heldu arte. Jaitsiera erraza gertatu zaigu, eta beste horrenbeste, tontorreraino doan xenda. Gain borobil eta belartsu horretan, txikitu nahi izan duten metalezko gutunontziaren inguruan argazki pare bat atera, eta berriro jaitsi gara lepora. 90º-ko bira eman, eta iparralderantz doan bide nabarmenetik jaisten hasi gara. Berehala, Krezmenditik datorren pista zabalarekin bat egin dugu. Eskuinaldetik segitu dugu, eta, aska bat atzean utzi eta gero, Lizarra M.E.-ren aterperantz doan bidearekin bat egin dugu. Aurrera segi, eta berehala iritsi gara gorakoan ikusi dugun burdinazko atearen ondora. Bide nagusia utzi, atea igaro, eta pagadi eder batean sartu gara, eta behera egiten hasi laster batean. Basotik ateratakoan, pista zabala utzi, eta erraz jaitsi gara harri multzo txikiek erakusten diguten xendan barrena, ezpel artean marrazten den bidetik. Irantzu ibaiaren arroilaren ondora jaistean, pista zabalak abiapuntura eraman gaitu.

Andiamendiko magalean dagoen monasterio zistertarra bisitatzeko unea da. Jatorrizko tenplua erromanikoa bada ere, ederra da hango klaustro gotikoa. Erdi-puntako arku bikoitzak eta kapitel zistertar xumeak ditu, baita lore eta irudiz dekoraturik dauden kapitel berriagoak. Mendizabalen desamortizazioa dela-eta ia ehun urtez abandonatuta utzi eta gero, Vianako Printzearen Fundazioak ekin zion zaharberritzeari. Gaur egun, monje teatinoek kudeatzen dute.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua