Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Hiru Erregeen Mahaia, Belaguako aterpetik

Erronkaritik Euskal Herriko mendirik garaienera igotzeko ibilbide klasikoa da. Mendia patxadaz gozatzeko aukera ematen du.[1]

Hiru Erregeen Mahaia, Belaguako aterpetik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Oso zaila
Lekuak Hiru Erregeen Mahaia, Belagua, Lapazarreko lepoa, Lapazarra, Larreriako lepoa, Larrako ataka, Zemotoko igarobidea
Distantzia 23 km. 8 ordu eta 50 mn.
Ingurunea Erronkaritik Euskal Herriko mendirik garaienera igotzeko ibilbide klasikoa da. Mendia patxadaz gozatzeko aukera ematen du.
Abiapuntua Belaguako aterpea
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Erronkaritik Euskal Herriko mendirik garaienera igotzeko ibilbide hau klasiko bat izan ohi da mendizale nafarrentzat, baina gaur egun Lintzako aterpeak kendu dio protagonismo hori, handik igotzen baitira mendizale gehienak. Zurizakoarekin alderatuz, ez dago batere masifikatuta, eta aukera ezin hobea da mendiaz modu lasaian eta atseginean gozatu nahi duenarentzat. Ibilbide luzea eta nahikoa zaila da, eta komeni da likidoa sobera eramatea.

Belaguako (Izaba) Angel Oloron aterpe zaharraren aparkalekutik abiatuko gara, eta Ezkilzarrako larreetara jaitsiko. GR12aren (Euskal Herriko Ibilbidea) marka zuri-gorriek erakusten diguten norabidean, Zemetoko igarobide aldera jarraituko dugu, eta, hortik segituz, Lazagorriaren magalean dagoen lepora. Berehala helduko gara Lapazarraren magalera, eta hori zeharkatuz beteko dugu hurrengo tartea. Larreriako lepora iristean, Belaguako Ordokitik datorren bidearekin bat egingo dugu. Ekialderantz joko dugu segidan, ingurune karstikoan barrena. Basotik ateratzean, paisaia aldatu egiten da, eta, aldapa igo eta gero, berehala iritsiko gara Larrako atakara. Gure mendean dagoen Larrako sakonuneraino jaitsiko gara, eta han galdutako 150 metroko altuera berriro igo beharko dugu, sakonuneko zelaiak zeharkatu eta korridore batetik igoz.

Kilometro eskas beteko dugu, eta Lintzako aterpetik datorren bidearekin bat egingo. Hasieran, aldats gogorrak, eta, segidan, ingurune karstikoa zeharkatuko dugu, eta Budogiaren hegoaldeko magalera iritsiko gara. Bideak gorantz egiten du pixkanaka, baina mendiaren hormetatik eroritako harriek zaildu egiten dute gure ibilera. Emeki-emeki, altuera irabazten hasiko gara, eta, ohartu orduko, Escousteko lepoan izango gara. Gutxi faltako zaigu tontorrera iristeko, baina komeni da bitarte hori poliki bete tzea tentu handiz osatzea, oso bide hautsia, irristakorra eta arriskutsua baita. Beraz, erne ibili behar da igotzeko xenda hautatzeko orduan.

Ikuspegi ikusgarria bezain ederra da Euskal Herriko mendirik garaienera (2.446 m) iristean zabalduko zaiguna —erronkarieraz, Iror Erregeen Maia—. Han elkartzen dira, Aragoi, Biarno eta Nafarroako lurraldeak. Kondairak dioenez, hiru lurralde horietako erregeak hor elkartzen omen ziren, beren arteko aferei buruz hitz egin eta erabakiak hartzeko. Baina hori ez da zuzena, Biarno inoiz ez zen izan erresuma, bizkonderria baizik. Auñamendi, Ansabereko orratzak, Alanoak, Ezkaurre, Txamantxoia, Petrechema, Añelarra, Pene Blanque eta beste hamaika tontorren argazkiarekin batera, gure mendean Laskuneko zirkura irristatzen diren malkar harritsuak ikusiko ditugu. Tontorrean, Frantzisko Xabierkoaren metalezko irudi bat eta Xabierko gazteluaren itxura duen buzoia.

Etorritako bidetik burutuko dugu itzulera; baina ingurune karstikoa berriro zeharkatu ordez, korridoretik jaitsiko gara Larrako sakonuneraino. Hor, berriro GR12aren arrastoari segituko diogu Angel Oloron aterperaino. Itzulera aspergarria gerta daiteke kilometro asko baitira, eta, horregatik, aukera izanez gero (norbait jasotzera joan), Belaguara itzuli ordez Lintzako aterpera jaistea izango litzateke aukerarik onena.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua