Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Hiru baselizen ibilbidea

Antzinako bideetan barna, Sarbil mendilerroko magalean dauden hiru baseliza bisitatzeko parada eskaintzen du bide zirkular honek.[1]

Hiru baselizen ibilbidea
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Muniain, Santa Luzia baseliza, O-ko Ama Birjinaren baseliza, Santa Kruz baseliza, Etxauriko Haitzak, Itxesorde lepoa, Sarbil mendilerroa
Distantzia 8,3 km. 2 ordu eta 20 mn.
Ingurunea Antzinako bideetan barna, Sarbil mendilerroko magalean dauden hiru baseliza bisitatzeko parada eskaintzen du bide zirkular honek.
Abiapuntua Gesalatzeko Muniain
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Balizatutako ibilbide honek, Gesalazko Muniain herritik abiatuta, Sarbil mendilerroaren magalean dauden hiru baseliza bisitatzeko aukera emango digu. Baseliza horietako bat Etxauriko haitzetan dago (Etxauriko buruhandia). Ibilbide osoa margo berdez eta zutikako egurrezko hesolen bidez balizatu berria dago, eta, goi partean, GR-220aren (Iruñerriko itzulia) marra zuri-gorriekin bat egiten du. Gesalatzeko Muniain ibarreko azken herria da, iparraldean kokatua, Iruñerria eta Gesalatzeko haranen artean. Antzina, errepidea eraiki baino lehen, garraiobide garrantzitsua izan zen. Izan ere, udalerri inguruan, hainbat leku izen aurki daitezke, Mandazaibidea —mandazainek erabiltzen zuten bidea— eta Herrikobidea adibidez, bertako menditik igarotzen diren antzinako bide eta bidexken izenak direnak.

Sarbilen mendebaldeko hegalean dauden hiru baseliza hauek bisitatzeko, ibilgailua Muniaingo Santa Katalina eliza politaren aurrean utziko dugu, eta etorri garen errepidean oinez jaitsiko gara, ur baltsa bat dagoen lekuraino. Errepidea utzi, eta ezkerretik ateratzen den lurrezko pistari helduko diogu, herriko hilerri txikiaren ondora iritsi arte. Egurrezko hesolek zenbait norabide erakutsiko dizkigute, eta guk Santa Luzia baselizara doana aukeratuko dugu, beste bidea itzulerarako utziz. Pista eroso eta zabalean zehar, erraz helduko gara gaurko lehen baselizaren ondora, Santa Luziara. Puntu horretan, bidea bitan banatzen da; ezkerretik ateratzen dena utzi —hori gero hartuko dugu—, eta eskuinetik marrazten den xenda hartuko dugu O-ko Ama Birjinaren baselizara joateko. Ezpel eta haritzen artean zabaltzen den xenda erosoari segituz, erraz iritsiko gara baselizara, eta handik Iruñerriko ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera izango dugu.

Etorritako bidetik atzera egin, eta Santa Luziara bueltatuko gara, eta horren ondotik ateratzen den xendatik igotzen hasiko gara. Igoera ez da luzea, baina azken tartean asko bizitzen da, eta kontu handiz ibili behar da harriak bustita badaude. Goiko aldera igotzean, bidezidorra zabaldu eta pagadian murgilduko gara, orbel artean. Gure eskuinean Etxauriko haitzen pareta erraldoiak utzita, jaisten hasi eta berehala bidegurutze batean egurrezko bide seinaleek eskuinetik igotzen den bidezidorra hartzera gonbidatuko gaitu. Ezpel-hesi artean igoera samurra gertatuko zaigu, eta, konturatu orduko, Santa Kruz baselizaren ondoan izango gara. Tontorra zabala da, eta, bertan, ermitaz gain, gutunontzia, erpin geodesikoa eta gurutze handia ikusiko ditugu. Hamaiketakoa egiten dugun bitartean, talaia bikain horretatik inguruaz gozatzeko parada hartuko dugu.

Etorritako bidetik bidegurutzera itzuliko gara, eta Itxesorde lepora jaitsiko gara, pago eta ezpel artean. Puntu honetan, O-ko baselizatik bidelagun izan ditugun GR-220aren (Iruñerriko itzulia) marra zurigorriak utzi, eta marra berdeen laguntzaz pista zabaletik jarraituko dugu. Antzinako mandazainen bide hauetatik haritz eta ezpel artean hilerriaren ondora itzuliko gara, hasierako bidegurutzera, hain zuen ere. Ur baltsa atzean laga eta herrira igoko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua