Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Orhira Iratiko etxoletatik
Europako mendebaldeko pagadirik handi eta zaharrena da Iratikoa. 14.000 hektarea inguru hartzen ditu. [1]
Orhira Iratiko etxoletatik | |
---|---|
Herrialdea | Zuberoa |
Zailtasuna | Ezezaguna |
Lekuak | Bagargiak, Organbidexka, Mehatze, Pellüsegaña, Odeizügaña, Orhi, Alupiña, Zazpigaña, Millagate |
Distantzia | 18 km. 5 ordu eta 40 mn. |
Ingurunea | Europako mendebaldeko pagadirik handi eta zaharrena da Iratikoa. 14.000 hektarea inguru hartzen ditu. |
Abiapuntua | Bagargiak (Larraine) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuIratiko etxoletara iristean hartuko dugu lehen ezustekoa, 1.340 metrora dagoen aparkalekuaren inguruan turismorako prestatutako gunea: jatetxea, tenis pistak, egurrezko txalet mordoa, bulegoa... hau guztia baso eder batean txertaturik. Martxan jarri eta Larraine aldera doan errepidean jaisten hasiko gara. Kilometro erdi pasatxo bete ondoren, eta bihurgunera iristean, gure eskuinera ateratzen den bidezidorra hartuko dugu. Organbidexkako gailurreriaren azpitik pasatzen den bideak pixkanaka gorantz egiten du eta berehala elkartuko gara Mehatze lepotik jaisten denarekin. Aurrera segituz, Pellüsagaña eta Odeizügaña mendien magalek osatzen duten zirkuan barrena, gertuago ikusiko ditugu Zazpigaña eta Orhi mendia.
Bide erosoari jarraituz, «mila konkorreko gailurreria» izenez ezaguna den Millagaatera iritsiko gara. Aurrera segitu, gandorrera heldu eta parez pare Zazpigañara igotzeko malda bortitzari aurre egingo diogu. Tontorra atzean utzita, Alupiñako atakara helduko gara, eta berehala ohartuko gara gandorretik jarraitzea arriskutsua gerta daitekeela eta, hori saihesteko, xenda estua hartuko dugu, iparraldeko aurpegitik metro batzuk beherantz egin eta segidan berriro gorantz egiteko. Ataka gaindituta, azken maldari ekingo diogu Kantauri itsasotik etorrita bi mila metro dituen lehenengo gailurrera heltzeko, Orhira hain zuzen ere. Eta gure mende, Europako mendebaldeko pagadirik handi eta zaharrena den Iratikoa. Basoak, 14.000 hektarea inguru hartzen ditu, eta Nafarroa Beherearen, Zuberoaren eta Nafarroaren artean dago. Basoa, berez, bakarra da, baina zatirik handiena Nafarroako lurretan dago; Iparraldeko bi lurraldeei dagokien zatiak 2.300 hektarea baino ez ditu hartzen. Baso zati hau Mendibe, Lekunberri eta Larraineko udalerrietan dago.
Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik atzera egingo dugu Millagaateko leporaino jaitsiz. Orhi mendiari bizkarra eman eta Ibarrondoa etxolaren gainetik Odeizügañarantz joko dugu. Bizkartze mendia gure ezkerrera dugularik, mendi gandorrari eutsiko diogu. Zenbait tartetan xenda ikusgaitza da, baina belarrezko tapiza zapalduz erraz egingo dugu aurrera. Murkhuilako lepoa gertu ikusiko dugu, baina errepidera jaitsi beharrean tontor aldera igotzen jarraituko dugu.
Ikuspegi ederra
aldatuDenbora gutxi beharko dugu Sensibile lepora jaisteko. Hona iristean bi aukera izango ditugu: lehena, errepidetik Mehatze leporaino jaistea; eta bigarrena, berriz, parez pare dugun Pellüsagañara igotzea. Bigarrena aukeratuz gero, aldapa txiki bati ekingo diogu, eta gora iristean, berriro maldan behera abiatuko gara ehiztarien postuen ondotik. Berriro errepidearen ondora iritsiko gara, baina aukera izango dugu hura saihestu eta belarra zapalduz Mehatze lepora iristeko. Bidexka aurkitzeko zailtasunak izanez gero, hobe errepidetik leporaino jaistea.
Lepotik ateratzen den azken aldapari ekingo diogu, eta gora heltzean gailurreria zeharkatuko dugu basoan sartzen den bidea bilatzeko. Hori egin aurretik, merezi du Orhi aldera zabaltzen den balkoi natural honetan geldialditxo bat egitea, bertatik primeran ikusten baitira ibilaldi honetan igarotako lekuak eta bideak. Belarretan eserita Orhi mendiaren ikuspegi eder eta paregabeaz gozatzeko aukera izango dugu. Abiapuntura itzultzeko basoan murgilduko gara, eta hura zeharkatzen duen bidezidorrean zehar berehala galduko dugu altuera. Egurrezko txalet pare baten ondotik pasatu eta berehala izango gara Bagargiako lepoan dagoen aparkalekuan.