Erauntzeta

(Heraunseta(e)tik birzuzenduta)

Erauntzeta baserriaren lehen aipamena 1566. urtekoa da. Baserriaren jabe Landa-Larburu senideak azaltzen dira. 1593an Heraunseta izenean ageri da. Bi bizitzako etxea zen, soro eta zelai zabalak zituen, eta leku onean kokatuta zegoen.

Etxebizitza batean, Manuel Landa eta Aginagako Manuela Larburu bizi ziren. Lau seme-alaba izan zituzten: Miren, Agustin, Pakita eta Satur Landa Larburu. Baserrian ganadu asko izaten zuten, behiak batez ere eta baita idiak ere. Baratzean ere lan asko egin zuten. Manuela Antiguara joaten zen astoarekin, esnea eta baratzako produktuak saltzera, askotan bera ere asto gainean.

Antigua auzoko kale batzuetan astoak ilaran lotzen zituzten baserritarrek, batez ere Usurbil, Aginaga eta Igeldokoak ziren. Gehienak, emakumezkoak. Astoentzako lotuneak, gaur egun Errotatxo taberna dagoen inguruan zeuden, eta Heriz pasealekuaren erdibidean ere bai. Asto bakoitzak ba omen zekien zein zen bere aparkalekua.

1970ean saldu egin zuten baserria. Agustin garagardotegian hasi zen lanean, eta geroago Hernaniko Electra-Quimica enpresan. Zerutxo baserriko Maritxu Estanga Mitxelenarekin ezkondu zen eta bikote hau urte askotan bizi izan zen Gure Izardia etxean Beste etxebizitzan, Gerbasi, Emeteria eta Ramonen ama. Ramon Amundarain eta Agustina Etxeberria bizi izan ziren. Hiru seme-alaba izan zituzten hauek ere: Migel, Isabel eta Maria Dolores Amundarain Etxeberria. Anaia ordeko bat ere izan zuten, Alfonso Artano.

Ramonen arreba, Emeteria Amundarain, baserri-lanez arduratzen zen. Lana gogotik egiten zuen Emeteriak: segan aritzen zen sarritan eta baratzako lurra prestatzeko goldean ere bera aritzen zen. Goldetik tira egiteko etxeko idia eta behi bat jartzen zituen uztarrian eta trebezia handiz manejatzen zituen. Aipaturiko animaliez gain, beste hiruzpalau behi eta txekor batzuk izaten zituzten baserrian.

Fruta arbola asko zuten gainera: sagasti handia izateaz gain, gereziondoak eta udareondoak zituzten. Artasoroak ere bazituzten eta bertako artoa Ibaetako errotan ehotzen zuten arto-irina lortzeko. Agustina Etxeberria maiz joaten zen Antiguara etxeko produktuak ( esnea, barazkiak, frutak eta abar) saltzera. Gaur egun baserria nahiko egoera txarrean dago; hala ere, boladetan ganadua ikusi izan da Erauntzetako zelaietan