Baserriaren lehen aipamena 1860koa da eta Juandegui chiqui izenez azaltzen da. Baserriaren lehen jabearen berririk ez da ageri, bai ordea, gerora, Antonio Martikorena jarri zela bizitzen bertan Ameriketan ibili eta gero. Antonio Perus baserriko Josefa Ezeizarekin ezkondu eta seme bakarra izan zuten: Benantzio Martikorena Ezeiza. Antonio gazterik alargundu zen eta bigarren aldiz ezkondu zen Manuela izeneko emakumen batekin.

Benantzio Martikorena Ezeiza Orioko Lusarbe baserriko Ignazia Makazaga Etxaberekin ezkondu zen eta bi seme- alaba izan zituzten: Begoña eta Jose Manuel Martikorena Makazaga.

Benantzio itsasoan aritu zen lanean hainbat urtez antxoatan eta atunetan. 1957ra arte aritu zen lanbide horretan Orio eta Donostiako hainbat arrantza-ontzitan. Jose Manuel semea ere lanbide berean aritzeko asmoz abiatu zen baina, astebeteko proba egin eta gero, uztea erabaki zuen lana gogorregia zelako.

Benantzio harrobian ere aritu zen lanean. Haren emazteak, Iñaxik, baserriko lanak egiteaz gain, gobadak ere egiten zituen: Donostiatik arropa-fardelak ekartzen zituen Juandegi txiki azpiko iturrian garbitzeko.

Baserria txikia zen eta ez zuten ganadu gehiegirik izaten. Gerora, Zankardegi baserriaren zati bat erosi zuten eta hortik aurrera ganadu gehiago izan zuten: dozena erdi bat behi, txekorrak eta baita astoa ere.

Baratzean ere aritzen ziren baina etxerako gehienbat. Hala ere, Begoña, Bretxako merkatura ere jaisten zen zenbaitetan soberan zituzten barazkiak eta esnea saltzera. Arroketara joateko ohitura ere bazuten lapak, lanpernak eta olagarroak harrapatzera.

Iranguen baserriaren ingurura, Zakarrora, joaten ziren garo bila. Garoa biltzeko idi parea eta gurdia eramaten zuten, baina ez zen lan erraza izaten. Egun batean, uztarrian lotuta zituzten idietako bat erreka zulora erori eta handik atera ezinik ibili ziren. Garoa biltzen egun osoz aritzen ziren Zakarro aldean eta Begoña bazkaria eramaten zien etxetik. Horrez gain, bera ere garo-zaman aritzen zen.

1967an Begoña Jose Cruz Calongerekin ezkondu eta senarraren etxera joan zen bizitzera. Begoñaren anaia, Jose Manuel, soldaduskatik etorria zen ordurako, eta Iranguen aldeko sasiak garbitzen eta peoi-lanetan besteei laguntzen aritu zen. Ondoren Calonge sagardotegiko sukaldean aritu zen lanean urte askotan.

Gaur egun, Jose Manuel baserrian bizi den arren lan gutxi egiten du bertan.

Iturria: Koro Calonge Martikorena