Pedro Antonio Arrillaga Miravallesek saldu zien lursailean eraiki zuten karabineroek Igeldoko kuartela, 1912ko urtarrilaren 13an. 1.440 metro karratuko lurra 1.050 pezetan saldu zien. Agitirako bidearen hasieran eraikitako bi solairuko etxea txiki geratu zitzaien urte gutxira, eta 1949an hirugarren solairua eman zioten. Handik hamar urtera, 1959an, beste bi pabilioi eraiki zituzten. Kuartel horrek gainera bazuen berezitasun bat: Gipuzkoako Guardia Zibilaren polizia- txakurren destakamentua hartu zuen urte askoan.

XX. mendeko laurogeiko hamarkadaren hasieran alde egin zuen Guardia Zibilak bertatik. Horren ostean, ‘El patriarca’ elkarteak eraikina txukundu eta droga menpekotasunetik askatzeko zentroa jarri zuen. Urte gutxira, sektatzat hartutako elkarteak alde egin zuen. 1996ko abenduaren 12an lursaila eta eraikina, oso egoera kaskarrean zegoena, enkantean jarri ziren. Hasierako prezioa 16.982.000 pezetakoa izan zen.

Igeldoko Herri Kontseiluak Donostiako udalari eskatu zion Estatuaren ondasuna zena erosteko, baina udalak ez zuen proposamena ontzat eman eta etxea jabetza pribatuaren esku geratu zen. Gaur egun ez dago eraikinik bertan, txakurrak egoten ziren txabolaren arrastoa besterik ez da geratzen.

Gerra zibila piztu arte, Guardia Zibilaren eta herritarren arteko harremana gerra ondorengoa baino samurragoa zen: kuarteleko emakumeak, esaterako, herriko harraskara etortzen ziren arropa garbitzera, eta bertakoekin kantuan eta berriketan aritzen ziren sarritan. 1844ko abenduaren 17ko Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu zenez, gure lurraldean guardia zibil izateko derrigorrezkoa zen gipuzkoarra eta euskalduna izatea. Ehun urte geroago, txuritik beltzera aldatu zen egoera, igeldoarrek noiznahi jasotzen zuten kalean agindua: “Habla en español”.

Gerra ondoren, harremanak, salbuespenak salbuespen, eten egin ziren, nahiz herriko haurrak guardia zibilen seme-alabekin eskolan elkarrekin ibili. Eskolan gaztelaniaz egin behar zuten denek nahitaez. Elizan, berriz, euskara erabiltzen zenez, dotrinara eta mezetara ez zen guardia zibilik azaltzen. Salbuespena Pilar Ama Birjinaren egunean izaten zen, Guardia Zibilaren egunean. Egun horretan guardiak eta beren familiak gazteleraz ematen zen mezara bertaratzen ziren, Espainiako banderak zimitorioan utzita. Meza ostean, Pakoenen bazkaltzen zuten eta bazkalostean soinua ere izaten zuten; baina jaialdi horretara ez zen igeldoarrik arrimatzen.

Txapelokerrek herriko festetan parte hartzen ez zuten arren, dantzaldiaren gorabeherak petriletik jarraitzen zituzten. Sasoi batean, Sindikatuko goiko solairua zine-areto bihurtu zuten garaian, filmak eskaintzen ziren gaztelaniaz igande arratsaldean eta guardia zibilak bertara joaten ziren. Hala ere, bertako gazteen eta guardien arteko hartu-emanak hutsaren hurrengoak ziren gehienetan. Guardia Zibila Igeldon egon zen urte guztietan, bi bikote besterik ez zen sortu. Lehenbizikoak Igeldotik alde egin zuen; eta, besteari dagokionez, mutilak guardia zibil izateari utzi behar izan zion herriko neskarekin ezkontzeko.

1970 eta 80ko hamarkaden arteko garaian, Igeldoko herritarrekin harremanik estuena Dionisio izeneko guardia zibil albaitariak izan zuen. Kuarteleko polizia-txakurren zaintzaile izateaz gain, bertako baserrietako hamaika txakur sendatu zuen, eta jende askok jotzen zuen harengana.

Kuartela txiki geratu zen urteetan, zenbait guardiak herriko baserrietan lo egiten zuten. Guardia zuten egunetan ere, sarritan, zaintza utzi eta baserrira joaten ziren lotara. Agintekeria ere noiznahi gertatzen zen, eta baserriko uzta eta elikagai preziatuenak (arrautzak, arkumeak, txerrikia) kuartelekoen esku geratzen ziren maiz.

Esnea, berriz, Igeldoko baserritarrei erosten zieten. Hasierako urteetan, Arritxulon bizi izan ziren lizarazutarrek 10 litro esne eramaten zuten egunero kuartelera. Urte batzuk geroago, Juandegi baserrikoen bezero bihurtu ziren. Haiek ere egunero kuartelera joan behar izaten zuten esnea eramatera.