Juandegi
Juandegi baserriaren lehenbiziko aipamena 1663. urtekoa da, Donostiako toponimiaren arabera. Baserri txikia da. Bi pisu ditu: beheko aldean, ganaduarentzako ukuilua eta, goikoan, etxebizitza. Baserriak inguruan pinudia eta soro asko zituen; goiko aldean, Juandegi izeneko harrobi bat ere bai.
Baserriko lehenbiziko jabea Aldanondo sendia izan zen. Geroago, Iturrietatik etorrita, Jose Antonio Martikorena eta Maria Olaizola jarri ziren bizitzen, maizter, beren zazpi seme-alabekin: Anparo, Maddalena, Maria, Tomas, Mertxe, Emili eta Pilar Martikorena Olaizola.
Baserrian dozena bat ganadu-buru zituzten, behiak eta txekorrak. Patxi Izagirre apopilo egon zen baserrian, morroi. Tomas Baldak ere laguntzen zien, baserriko lanetan. Baratza, batez ere, etxerako egiten zuten: patata, babarruna... Maria, amona, Donostiara jaisten zen esnea saltzera; etxetik autobus-geltokirako bidea, marmitak zesteran eta buru gainean jarrita egiten zuen. Hartzaile asko zituen, eta San Martineko azokara ere joaten zen.
Baserria kuarteletik gertu zegoenez, guardia zibil asko ibiltzen zen inguruan. Haietako batzuek behin baino gehiagotan pasa omen zuten gaua baserriko mandioan. Baserrian asto txiki bihurri samar bat bazuten, eta guardia zibil batek lortu omen zuen hura domatzea. Igeldoko kuartelera egunero eramaten zuen esnea; gerora, seme-alabek ere bai.
Tomas semea soldaduskatik bueltan etxeratu zenean, gerra etorri eta berriro eraman zuten. Hanka batean tiro bat jaso zuen, gerrako oroigarri geratu zitzaiona.
Baserriaren goiko aldean ur-biltegia egin zuten 1960an; gobada egiteko iturria ere bazuten. Aurretik, amona Maria eta alaba Pilar baserriaren beheko aldeko iturrian aritzen ziren gobada egiten eta, arropa garbitu ostean, lehortzeko, inguruko sasietan zabaltzen zuten. Kaleko jendearen arropa ere garbitzen zuten; astoarekin joaten ziren Donostiara, arroparen bila. Amona Mariak kontatzen zuen, elurra egin zuen egun batean, astoak elurretan ibiltzeko gogorik ez, eta harria bota ziola eta astoa lurrean seko gelditu zela.
Baserrian Tomas gelditu zen, eta Usurbilgo Artxuita baserriko Maria Olasagasti Aranarekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten: Maribel, Maite, Anparo, Jose Antonio eta Malen Martikorena Olasagasti. Tomas harrobi lanean aritu zen urte askoan; berak kudeatu zituen Gorosti eta Aiztokikoak, beste batzuekin batera. Harriarekin egindako lanen artean, Kontxako hondartzara jaisteko arranpa dago; itsasbeheran bakarrik lan egin ahal zutenez, inoiz gauez ere aritu ziren. Tomasek kontatzen zuen, harrobi lanean ibili zen garaian, egunero hogei bat idi- pare joaten zirela harri karraio Igeldotik Donostiara. Espaloiak egiteko listoia izeneko harria eramaten zuten, gehienbat. Harri mota landua zen hura. Harrobian sobran gelditzen ziren harri puska txikiagoekin, neguan, baserri-bideak egiten aritzen ziren.
Tomas bertsozalea zen eta urte askoan ibili zen herriko San Joan eskean, kopla kantari. Beste toki batzuetan ere bai: Aginagan, Perlan... Sariren bat irabazi ere egin zuen.
Jose Antonio semea gelditu zen baserrian. Ibaetako Mertxe Aranziztrokirekin ezkondu eta baserri-lanetan aritu zen; igeltsero ere bai, Joxe Urangari laguntzen. Mendi Gain baserriko Ignazio Arbelaitz oilategia egiten ari zen Balda Zahar baserrian, baina hura gaixotu eta Jose Antoniok bukatu zuen lana. Monte Igeldon ere 14 bat urtez aritu zen lanean. Gerora baserriko lanetara bildu zen, eta 20 bat buru izatera iritsi ziren.
Gaur egun ere, Jose Antoniok segitzen du baserrian, familiarekin, eta etxerako baratza egiten dute batez ere.
Iturria: Jose Antonio Martikorena Olasagasti