Mendizorrotz
Donostiako toponimian 1850ean azaltzen da baserri honen lehenengo aipamena; baina 1783ko data ere aurkitu dugu, beste dokumentu batean.
Urteen joanean, modu desberdinetan ezagutu izan da eraikina: Gurutze Atea, Pakone, Mendizorrotz eta Otondo Azpi. Eraikinak berak ere hainbat aldaketa izan ditu, eta jabe bat baino gehiago. Gaur egun taberna moduan ezagutzen dugun espazioa hainbat zatitan banatua zegoen. Garai batean tabakoa eta alpargatak saltzen zituzten han.
Zati baten jabea Josefa Ignazia Aristegieta zen, bertako alaba, Etxeluzekoen eta Aristegietako markesaren familiakoa. Josefa Ignazia Pedro Galparsoro ataundarrarekin ezkondu zen eta seme bat izan zuten: Pedro Galparsoro Aristegieta. Josefa Ignazia gazterik hil zen. Pedro Xatene baserriko iraolatarretako emakume batekin ezkondu zen. Denbora gutxira, Pedro senarra hil zen eta alarguna Etxezarreta abizeneko Villabonako gizon batekin ezkondu zen. Senar berria parrandazalea eta jokozalea omen zen, frontoira zaldi-karroan joaten zena. Bikoteak alaba izan zuen: Joakina Etxezarreta Iraola. Joakina gerora Villabonara joan zen bizitzera.
Hurrena, Agustin Izagirre eta Maddalen Berridi bikotea etorri ziren bizitzera Aristegieta familiaren zatira. Hainbat seme-alaba izan zituzten: Jose Mari, Luis, Migel Mari eta Mertxe Izagirre Berridi (ez dakigu seguru zenbat, horiek dira lortu ditugun izenak). Garai hartan, gaur egun Mendizorrotz tabernako barra dagoen lekuan, ukuilua zegoen: behiak, txekorrak, txerria eta zenbait oilo izaten ziren bertan. Denborarekin familia honek alde egin zuen handik.
Juandegi Txiki baserriko Pako Calonge, Marabieta baserrian morroi egon zena, eta Arrizulo baserriko Dolores Lizarazu elkarrekin ezkondu eta, hasiera batean, Aieteko Villa Flores etxera joan ziren bizitzera. Han Kruz izeneko sagardotegia zegoen. Gerra aurretik berriro ere Igeldora itzuli ziren. Orduan, Mendizorrotz baserriaren beste zati guztia Gorostidi baserriko Martina Elizegirena zen. Pako eta Dolores Martina Elizegiren etxean jarri ziren bizitzen. Urte batzuk pasatuta, sagardotegi eta taberna moduan funtzionatzen hasi ziren, eta 1968an eraikina guztiz berritu zuten. Bikoteak lau seme-alaba izan zituen: Pako, Dolores, Pepita eta Jose Kruz Calonge Lizarazu. Martina etxearen jabeak izan zuen seme bat, baina mutila gerran hil zen. Bakarrik gelditu zenez, calongetarrekin jarri zen bizitzen, baita tabernan lanean ere, elkarrekin. Denborarekin, Pakok eta Doloresek baserria erosi zioten Martinari.
Azkenik, Dolores Calonge Lizarazu alaba gelditu zen baserrian. Biorreta Txiki-Gorostidiko Bittor Etxebesterekin ezkonduta, hiru seme-alaba izan zituzten: Bittor, Nekane eta Izaskun Etxebeste Calonge.
Bittorrek eta Nekanek beren familiarekin tabernan jarraitu zuten lanean, 2022an erretiroa hartu zuten arte.
Iturria: Nekane Etxebeste Calonje