Sukaldaritza liburua/Errezetak/Berdela labean piperradarekin

Errezeta-liburuaren parte. Berdela labean piperradarekin[1]

Pausoak

aldatu

1 Lehenik, piperrada prestatzen hasiko gara. Horretarako, piper gorri eta berdeak eta tipula juliana moduan moztu, eta 30 minutuz lapiko batean erregosi, olio zurrutada eta gatz pittin batekin, su motelean. Ez estali lapikoa taparekin; horrela lurrina kanporatu egingo da, eta horrek barazkiei zapore eta kolore biziagoak mantentzen lagunduko die.

2 Berdela xerratan prest dugunean, erdiko hezur txiki gehienak pazientzia pixka batekin kendu. Jateko garaian eskertuko dugu hori.

3 Labeko erretilu batean pare bat koilarakada arrain salda ipini, eta saldaren gainean, azala goraka dutela, berdel xerra guztiak jarri, bata bestearen segidan.

4 Gatz pittin bat bota. Labe beroan 200 gradutan sartu, eta lau minutuz eduki. Berehala egiten da berdela; hezurrik gabe eta xerratan dugularik, oraindik eta errazago, gainera.

5 Lau minutu pasatu, eta segituan labetik atera. Ozpin zurrutada txiki bat bota arrain xerren gainetik. Zartagin txiki batean, baratxuri xerratuak frijitu oliotan, eta dena berdelak ditugun erretilura bota.

6 Mahaira zerbitzatzeko, plater bakoitzean, piperrada koilarakada jarri erdian, gainean berdel xerra pare bat, eta azkenik erretiluan dugun saltsaz platerekoa busti.

Erreferentziak

aldatu