Sukaldaritza liburua/Errezetak/Pikillo piperrak odolkiz beteak

Errezeta-liburuaren parte.

Osagaiak

aldatu

4 LAGUNENTZAT[1]

  • 20 piper gorri
  • Odolki bat (aurrez egosia)
  • Oliba olio birjina
  • Gurina
  • 4 koilarakada irin
  • 3/4 litro baserriko esne
  • Ziazerba sorta bat
  • Esne gaina
  • Gatza


Pausoak

aldatu

1 Errezeta hau bi egunetan egingo dugu. Lehenik, lapiko bat berotzen jarri, olio zorrotada batekin, eta gurin koilarakada batekin. Lau koilarakada irin gehitu, nahastu, eta pixka bat egosten eduki ondoren, esnea gehituz joan, poliki-poliki —esnea aurrez beroa badago hobeto—. Gatz pitin bat bota, eta ondo nahasi, bexamel krematsua lortuko dugu.

2 Egosita daukagun odolkiari tripak atera, eta bexamela dugun lapikora gehitu. Bexamela hurrengo egun arte hozkailuan gorde.

3 Gaurko errezetarako erabiliko ditugun pikillo piperrak freskoak eta aurrez etxean erretakoak dira, garai honetan baitaude sasoirik onenean. Dena den, kontserbakoekin ere goxoa aterako da.

4 Beraz, piperrak hartu eta banan-banan odolki bexamelez bete, koilara txiki baten laguntzaz.

5 Labeko erretiluan, jarri bata bestearen ondoan, eta oliba olio zorrotada fin bat bota gainetik. Labea 160 gradutan berotzen jarri, eta, ondo beroa dagoenean, sartu erretilua piperrekin. Bost edo zazpi minutuz bertan eduki.

6 Bitartean, ziazerba krema prestatuko dugu. Horretarako, lapiko batean olio zorrotada bat ipini, eta, beroa dagoenean, ziazerba sorta gehitu.

7 Ondoren, esne gain basokada bat gehitu, eta guztia lau bat minutuz irakiten mantendu.

8 Piperrak labetik atera, banatu, eta ziazerba kremaz ongi busti.


Erreferentziak

aldatu