Sukaldaritza liburua/Osagaiak/Haragia:Untxia
Sukaldaritza Liburua
|
Untxia (koneju: Heg.; lapin: Ipar.) Leporidae familiako zenbait espezieren izen arrunta da, mundu osoko zenbait eskualdetan bizi direnak. Ugaztun karraskari hauek erbiaren antzekoak dira, baina hura baino txikiagoak, asko ugaltzen direnak eta lurrean egiten dituzten zuloetan bizi direnak. Erraz etxekotzen dira.
Euskal Herrian eta mendebaldeko Europa osoan, espezierik arruntena etxe untxia da.
Etxe-untxia edo mendi-untxia ( Oryctolagus cuniculus)
Europako untxia da, Oryctolagus genero monotipikoko espezie bakarra. Berez, Iberiar penintsulan du jatorria. Antzinako Grezian ezezaguna zen. Gaur egun Afrikako Iparraldetik Errusiaraino dago hedatuta, eta beste leku askotan ehizarako sartu da, eta toki batzuetan izurritea sorrarazi du.
Kunikultura
aldatuLandetxeko untxien hazkundeari deitzen zaio. Untxiaren haragia edo larrua ustiatzeko helburuarekin hazten da. Gurean kunikulturan arraza desberdinak hazten dira. Txikiagoak eta handiagoak eta nahasketak ere bai. Kaliforniako eta Zeelanda Berriko arrazak kunikulturan arrakastatsua dira, beste arraza asko bezala. Horiek tamainan ertainak izango dira.
Untxiaren haragia
aldatuHaragi zuria dugu, koipe gutxikoa eta duena poliinsaturatua, proteina eta mineraletan (selenioan bereziki) aberatsa. B taldeko bitamina ugari du. Ezaugarri organoleptikoetan, haragi zuria dugu, lurrin eta usain berezikoa. Haragi biguna dugu untxiarena, eta azkar kozinatzen da, nahiz pittin bat lehorra ere baden.
Sukaldeko erabilera
aldatu- Erreta labean: Ohikoena izango da, labean erreta olio eta gatzarekin edo patatekin.
- Erreta, parrilan edo burruntzian: Txingarrak lurrin berezia emango dio.
- Salteatua: Zati txikietan moztuta eta olio pittin batekin, azkar egiten den haragi bat dugu.
- Frijitua: Irineztatuta edo gabe, baratxuriarekin edo bere horretan.
- Gisatua: Barazki saltsan, tomatearekin.....
- Arrozetan: Paella valentziarraren osagai ezinbestekoa.
- Betea: Gorena edo erdi aldea zabalduta beteko dugu, ondoren labean erretzeko.
Untxia nola garbitu
aldatuLehenik untxiari burua moztuko diogu. Ondoren, labana batekin bularretik zabalduko dugu eta bertan dituen bihotz, birika eta gibela kenduko dizkiogu. Uretan ondo garbitu, eta lehortu egingo dugu.
Untxia nola zatitu
aldatu- Erdibitua: Labanarekin edo aizkora txiki batekin eta bizkar hezurra erreferentzi hartuta, untxia erdibitu egingo dugu.
- Besoa: Labanarekin bular eta saiheski tartetik moztutako zatiari deitzen zaio.
- Izterra: Atzeko hanka edo izterra, bertan duen junturari deitzen zaio.
- Bularra edo saiheskia: Besoa kendu ondoren, geratuko zaigun aurreko laurdenari deituko diogu.
- Erdi aldea edo gorena: Untxiaren erdiko bi solomoak beren hegalarekin batera osatzen duten zatiari deitzen zaio.
Untxi zatiak nola prestatu
aldatu- Untxi Osoa: Bular aldea zabalduta, labean erreta, parrilan edo burruntzian.
- Erdibitua: Labean edo parrilan.
- Besoa: Erdibitua eta gisatua, frijitua edo arrozen lagungarri.
- Izterra: Zati txikiagoetan moztua gisatua, frijitua edo arrozentzako lagungarri.
- Bularra edo saiheskia: Zatitua, erregosteko, frijitzeko edo arrozen lagungarri.
- Erdi aldea edo gorena: Zatituta, erregosteko, frijitzeko edo arrozen lagungarri. Hezurgabetu eta betetzeko aukera ere emango digu.