Amezti Behekoa
Amezti Behekoa baserria, hasiera batean, Amezti Azpikoa baserriaren alboan kokatuta zegoen. Baserri hura erori edo erre egin zen, eta baserri berria oraingo kokapenean eraiki zuten. Gaur egun bertan bizi den familia orduan jarri zen bizitzen. Baserria ezeizatarrena zen. Jose Manuel Arrillaga Sagardia eta Josefa Antonia Mendiluzek errentan hartu zuten, eta gero erosi.
Josefa Antonia Zankardegi baserrikoa zen, eta bertan bizi izan zen ezkondu arte. Jose Manuel, berriz, Usurbilgo Artikula baserrikoa jaiotzaz, baina txikitatik Iturrietan bizi izandakoa, anai- arrebekin. Oso gazte zela hil zitzaizkion gurasoak; eta ezkondu arte morroi aritu zen Erasoenean.
Maiz auzolanean laguntzen zuten inguruko baserrietan, adibidez, Marabietan, sagardo egiten, eta sagar eta babarrun biltzen. Ordainetan, afaria ematen zieten.
Jose Manuel Arrillaga eta Josefa Antonia Mendiluze, ezkonduta, Benta Alegre baserrira aldatu ziren bizitzera, baina laster Villa Eulaliara jo zuten etxezain lanak egitera. Amezti Behekoara aldatu ziren. Baserria eraiki berria zen.
Bikoteak familia handitu zuen, guztira 11 seme-alaba izan zituzten. Haietako lau jaio eta gutxira zendu ziren: Balentin, Joakina, Pilar eta Isabel. Hauek dira beste zazpi seme-alabak, zaharrenetik hasita: Tomas, Josepa, Ramon, Eskolastika, Katalina, Pilar eta Josefa Ramona Arrillaga Mendiluze.
Jose Manuel obretan hasi zen lanean. Arrasatera joaten zen, trenez, eta astean behin etxeratzen zen. Larunbat gauean etorri eta igande arratsean itzultzen zen Arrasatera. Gerora, Donostia inguruan topatu zuen lana; handik aurrera, askotan bazkaltzen zuen Leku Ederren, arreba Pakita bertan bizi baitzen. Josefa Antonia eta bere seme-alaba nagusiek hiruzpalau behi zaintzen zituzten, eta haien esnea eta ortuko barazkiak saldu. Gehienak etxerako zituzten, baina seme-alabak hazi ziren heinean baratzeko produkzioa handitu egin zuten, eta salmenta ere bai. Etxeko txikiak goizean eskolara joaten ziren, pare bat ordurako; gero, etxeko lanak egitera. Maiz auzolanean laguntzen zuten inguruko baserrietan, adibidez, Marabietan, sagardo egiten, eta sagar eta babarrun biltzen. Ordainetan, afaria ematen zieten. Marabieta baserriko Antxoni sukaldari ona zen, eta han egunerokoan baino askoz hobeto afaltzen zuten. Marabietakoek, mesedea itzultzeko, baratzak idiekin goldetzen zizkieten, Amezti Behekoan ez baitzuten idirik. Denborarekin, seme-alaba gehienak, batean edo bestean lana lortuta, familia osatu eta baserritik kanpo joan ziren bizitzera.
Baserrian batez ere, Joxepi, Pilar eta Ramoni gelditu ziren. Tomas lanean hasi eta berehala joan zen baserritik. Ramon ezkondu bitartean baserrian bizi izan zen; harria lantzea zuen gustuko. Baserriz baserri ibiltzen zen, lan desberdinetan: segalari trebea zen, eta maiz deitzen zuten lan horretarako; tarte batean, lorezaintzan ere ibili zen, Arburu baserrian. Eskolastika, ezkonduta, baserrian jarri zen bizitzen, baina gero senarrarekin batera Lizarriturri lantegian hasi eta Antigua auzora jaitsi ziren. Katalina 14 urterekin joan zen baserritik, neskame.
Joxepi beti baserri-lanetan ibili zen, etxean bertan eta kanpoan ere bai. Amezti Zaharren eta Etxeluzen laguntzen zuen, Etumeko hiltegiko inguruak ere zaintzen zituen, eta Buena Vistan jatenaren truke lan egiten zuen. Gerora, Buena Vistako jatetxean ere lanean aritu zen plater garbitzen. Amezti Behekoako baserrian bizi izan zen hil arte.
Pilar txikitan esnea saltzen eta banatzen ibili zen Donostian. Gero, Antiguako kortse-dendan (gaur egungo Sirena aterpetxea) hasi zen lanean. Lapabide baserriko Nikolas Martikorenarekin ezkondu eta, Nikolasek lan Lasarten egiten zuela-eta, Zubietan jarri ziren bizitzen. Nikolasen gurasoak, Lapabide baserriko Eusebia Usategi eta Antonio Martikorena, zahartu zirenean Amezti Behekoara bizitzera joan eta bertan geratu ziren, hil arte. Pilarrek eta Nikolasek hiru alaba izan zituzten: Lourdes, Isabel eta Mari Jose Martikorena Arrillaga. Gaur egun hirurak etxe propioan bizi dira.
Ramoni egunero Antiguara joaten zen josten ikastera, bi orduz. Hamabost urterekin Ponpadour tabernan hasi zen lanean, ahizpa Katalinari laguntzen. Astean behin bueltatzen ziren biak bisitan baserrira. Ramoni Usurbilgo Urteta baserriko Antonio Zinkunegirekin ezkondu zen. Ezkonduta, Amezti Behekoan jarri ziren. Antonio, 14 urte zituenetik, igeltsero aritu zen lanean. Lau seme- alaba izan zituzten: Lourdes, Miren, Nerea eta Iker Zinkunegi Arrillaga.
Gaur egun, Ramoni eta Iker seme gazteena bizi dira Amezti Behekoako baserrian.