Euskal Herriko bidaia-gida/Herriz herri/Lezaun

Lezaun Euskal Herriko udalerri bat da, Nafarroa Garaian. 244 biztanle ditu. Nafarroako erdialdean dago, Andia mendilerroaren magalean kokatuta. Iparraldean Zunbeltz eta Andiarekin egiten du muga, hegoaldean Deierri bailararekin eta Abartzuzarekin, eta ekialdean, aldiz, Gesalatzekin.[1]

Lezaun
Administrazioa
Estatu burujabeEspainia
Foru erkidegoNafarroa Garaia
Alkatea Ana Goretti Ochandorena Nuñez (en) Itzuli
Izen ofiziala Lezaun
Lezáun
Posta kodea 31177
Herriburua Lezáun
Geografia
Koordenatuak 42° 46′ 49″ N, 1° 59′ 39″ W / 42.780277777778°N,1.9941666666667°W / 42.780277777778; -1.9941666666667Koordenatuak: 42° 46′ 49″ N, 1° 59′ 39″ W / 42.780277777778°N,1.9941666666667°W / 42.780277777778; -1.9941666666667
Map
Azalera 19 km²
Altuera 850 m
Mugakideak Deierri eta Gesalatz
Demografia
Biztanleria 244 bizt. (2023)
Dentsitatea 12,84 bizt/km²
lezaun.es


Ezagutu

aldatu

Lezaungo udalaren historia nahiko berria da, 55 urte ditu soilik. 1951ean Deierriko udaletik independentzia lortu zuen.

Tradizioz, Lezaun, artzainen herri bat izan da, baso eta larrez inguratuta dagoelako eta gainera bere tradizioak horrela adierazten duelako. Lehen sektorea gailentzen da, beraz, herritarrak batik bat abeltzantzatik bizi baitira.

Zer ikusi

aldatu

Lezaunek eskaintza kultural handia du. Esaterako, armarridun etxeak daude; hots, jabeek egoera ezin hobean kontserbatutako jauretxeak. Horren adibide da “Subiza etxea”.

Horrez gain, San Pedro eliza ere bisitatu daiteke Lezaunen. Erromaniko berantiarreko eliza hau XII. mendean eraiki zen. XVII. mendean eraikinari zati berri bat gehitu zitzaion, eta ondare historiko eta kulturalaren aldetik balore handia duen Erdi Aroko dorre bat dauka elizak. Santa Barbara eta San Kristobal baselizak ere bisitatu daitezke.

Lezaun herriaren amaieran “Cerro viejo” izeneko haitzuloa dago. Historiaurreko aztarnak aurkitu dira leize honetan. Espeleologia gustuko duen ororentzat aukera bikaina da.[2]

Zer egin?

aldatu

Udan zehar freskatzeko aukera desberdinak dituzte bisitariek, bai herrian bertan, baita bertatik gertu ere. Esaterako, San Kristobal, Ikomar eta Oliturri urmaelak daude, baina kilometro gutxira Allotzeko urtegian ere bainatu daiteke.

Animaliak gustuko dituztenek putreen etzalekuak ikusi ditzakete, izan ere, Lezaungo barrutian putre populazio handia baitago. Beste motatako animaliak ikusi nahi izatekotan, Basabere baserri-eskola aukera ezin hobea da. Bertan mundu guztiko animaliak ikusi daitezke eta bisita gidatuak antolatzen dira. Basaberen pintxoak jan eta bazkaldu daiteke.[3]

Gastronomiari lotutako jardueraren bat bilatzen dutenek Aldaia gaztandegia bisitatu dezakete. Bertan bisita gidatuak antolatzen dituzte gazta nola egiten duten azaltzeko, eta amaieran Idiazabal eta gazta-zaharra dastatu daitezke ere.

Ibilbideak

aldatu

Lezaundik hainbat ibilbide abiatzen dira, zirkularrak zein joan eta etorrikoak.

Lezaungo pagadia

aldatu

9 kilometro luze eta 350 metroko desnibela duen ibilbidea da. Familia, lagunekin edota bakarrik egin daitekeen ibilbidea da. Lezaungo pagadiak ikusi eta gozatzeko aukera izango du bisitariak.

Ubagua ibaiaren arroila

aldatu

11,4 kilometro luze da ibilbide hau eta 355 metroko desnibela du. Lezaunetik edota Erriezutik egin daiteke ibilbidea. Ubagua ibaiaren ibilbidea egingo du bisitariak, eta momentu batean, ibai honen sorburuarekin topatuko da. Turkesa koloreko ur garbian bainatzea aukera aparta da egun berotsuetan.

Erbiotzeko sakana

aldatu

Lezaunetik edo Iturgoienetik egin daitekeen ibilbidea. 7,4 kilometroko luzeera dauka eta 131 metroko desnibela.

Non jan

aldatu

Ibesi jatetxea. Urbasa-Andia mendilerroan kokatuta dagoen taberna honetan tokiko produktuak eta etxeko postreak jan daitezke.

Jubilatuen taberna. Herrian bertan dagoen tabernan pintxoak, bokatak eta plater konbinatuak eskaintzen dituzte.

Lo egin

aldatu

Ibesi hostala.

Erbioz landa etxea. 11 lagunentzat.

Zer ikusi ondoren

aldatu

Egun berotsuetan freskatzeko Allotzeko urtegia dago kilometro gutxira. Horrez gain, Lezaundik gertu igarotzen den Ubagua ibaian ere bainatzeko aukera dago. Lezaunen inguruan Deierri eta Gesalatz haranak daude, eta bertako herri eta paisaietan aisialdi zein kultur jardueren eskaintza aparta aurkituko du bisitariak.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  1. Lezaungo udalaren webgunea.
  2. Lezaungo udalaren webgunea
  3. Basabere eskola