Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Adartza, Akorraineko mendi lepotik

Ibilbide zirkular erakargarri honetan, Adartza da gailur nagusia, eta beste hiru mendi puntarekin lotzen da. Ikuspegia ederra da denbora guztian. [1]

Adartza, Akorraineko mendi lepotik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Beherea
Zailtasuna Erraza
Lekuak Akorraine, Mendimotxa, Adartza, Urdiakoharria, Ontzorone
Distantzia 11,5 km. 3 ordu.
Ingurunea Ibilbide zirkular erakargarri honetan, Adartza da gailur nagusia, eta beste hiru mendi puntarekin lotzen da. Ikuspegia ederra da denbora guztian.
Abiapuntua Akorraine (Donibane Garazi)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Akorrainetik abiatuko gara, atzean utzirik Ahismeaka muino arbolarik gabea; bide zabala baztertu, eta zuzen igoko gara, ezkerretara ukuilu batzuk utzita. Elurmeaka muino berdea zeharkatuko dugu, eta, borda batzuk pasatu eta gero, hartxintxar bidea bukatuko da halako batean; hor, belarditik segituko dugu, ezkerretatik, eta bat egingo dugu Mendimotxako magaletik doan bidearekin.

Leherza sakanaren goiko aldetik joango gara; itxitura bat pasatu eta artegi bat ezkerretara utzita, Luzaide ibar luzexkan agertuko gara. Aska bat dagoen gain batetik joango gara, eta bazter batean utziko dugu bidea, eskuineko magaleko belarditik; gora egingo dugu, bidexkarik gabe, Mendimotxa hegoaldeko ertzeraino. Bertan, itxituraren gainetik pasatu, eta gorantz joko dugu, 177. mugarriraino: hortxe dago Mendimotzako gailurra.

Adartza aldera

aldatu

Garazi eta Baigorri ibar berdeen ikuspegi ezin ederragoak ditugularik, Adartza aldera abiatuko gara: muino sabeldu bateraino jaitsiko gara magal leunetik, eta gero aldapari lotuko gatzaizkio, Adartza goraino. Gailurretik pasatuko gara Ontzorone ibarraren gainetik, eta dorre harritsu txiki bateraino jaitsi: goiko aldean belardi bat du, Arrolakoharria, eta albo batetik igoko gara, eta bestetik segituko dugu iparraldera. Gailurrean, plaka bat dago, Arrolako guduaren oroigarri.

Beheraxeago, Urdia muinora iritsi aurretik, pista batetik aterako gara, eta ezkerretako larrera joko dugu; muinean bertan gaudela, bat egingo dugu berriz pistarekin. Metro batzuetan aurrera egin, eta ezkerreko magalera egingo dugu, Urdiakoharria izeneko irtenguneraino. Banka aldea ikusteko leku ezin hobea.

Azken menditik behera joango gara soka naturalari segika, Munhoa aldera. Pistatik atera, eta belardi bat zeharkatuko dugu; ukuilu handi batera heldu, eskuinetara jo, eta garoz beteriko magal batetik jaitsiko gara, belarra dagoen tokiak aprobetxatuta.

Ontzoronen magaletatik

aldatu

Asfaltozko bide batera atera, eta, hortik, bidegurutze hurbil batera jaitsiko gara; hor, eskuinetara joko dugu. Hartu dugun bide adarra artegi batean bukatzen da, eta han bidezidor batetik segituko dugu. Belardi txiki batera iritsiko gara: Ontzoroneko ur-jauzi txikiak ikusiko ditugu, Adartzako magaletik irristaka, eta ehun bat metro igo beharko dugu, Arrolako haitzetara joango bagina bezala; bidexka batera iritsiko gara, eta handik joanda gurutzatuko dugu Ontzoroneko ura tokirik egokienetik. Erreka bertikala pasatu eta gero, bidexka batzuetatik joko dugu, eta Mendimotxako magaletik abiatu ginen tokia iritsiko gara; handik, Elurmeaka pasatuko dugu berriz, eta Akorrainera itzuli.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua