Ganboa

(Ganvoa(e)tik birzuzenduta)

Donostiako toponimian, 1512. urtean, Ganvoa izenez azaltzen da; 1566an, berriz, Ganboa. Guk eskuratutako datuen arabera, Igeldoko baserririk zaharrena da.

Hango lehenbiziko familia, Pedro Mitxelena Aristegieta zarautzkoa eta Oiartzungo Teresa Mendizabalek osatu zutena da. Bost seme izan zituzten: Pedro, Jose Migel, Ignazio, Joxe eta Tomas Mitxelena Mendizabal.

Ukuiluan behiak eta idiak izaten zituzten, astoa ere bai. Baratza landu eta plazara joaten ziren baserriko produktuak saltzera. Hasiera batean Teresa joaten zen; eta gerora, Joxe, Antiguara eta Donostiako Alde Zaharrera. Etxe ondoan iturri txiki bat zegoen, eta ganadua bertara eramaten zuten ur edatera. Gobada-harria ere bazegoen, eta arropa bertan garbitzen zuten.

Morroi lanean, Iturrieta baserriko Luis Arrillaga aritzen zen. Ganboatik etxerako bidea oinez egiten zuen, kantari eta bertsotan. Basoan zehar joan behar izaten zuen eta, beldurra sentitzen zuenez, kantari joaten zen, soinu arrarorik ez entzuteko. Baina herriko gazteak ez ziren urruti ibiltzen eta, nahita, zaratak egiten zizkioten, adarrak mugituz eta harriak botaz.

Seme guztiak batera eta bestera sakabanatu ziren bizitzera, eta Joxe gelditu zen baserrian. Gaur egun baserria hutsik dago eta erortzen ari da. Osinalde da haren jabea.