Baserria 1955. urtean eraikia da. Bi etxebizitzako eraikina da. Aurrealdean baratza txiki bat zuen. Beheko solairuan Iruin baserriko Joxe Olasagasti Martikorena eta Inaxi Alberdi Arruti azpeitiarra bizi ziren. Inaxi gomendiotarren Egioleta baserrira etorri zen bizitzera, han bere lehengusua bizi zelako. Horrela ezagutu zuen Joxe. Ezkonduta, Iturritxo baserrian jarri ziren, errentan. Bi seme- alaba izan zituzten: Jose Antonio eta Arantxa Olasagasti Alberdi. Geroago, Mendigain Txiki etxearen zati bat erosi zioten Joxe Urangari, beheko solairua, eta bertan jarri ziren bizitzen.

Joxe garraiolari ibili zen, Isasa pentsu-almazenetik aritzen zen banaketa lanean kamioiarekin. Igeldora etortzen zen, banaketa egitera, baserriz baserri. Geroago, kamioiarekin, Donostiako udalarentzat ibili zen, txofer lanetan. Inaxi jostuna zen, herriko jendeak lan asko enkargatzen zizkion. Inaxiren etxera bertara joaten ziren neurriak hartzera eta, gero, lana bukatutakoan Arantxa alabak banatzen zituen etxez etxe.

Goiko solairuan Muñoz bizi zen bere familiarekin, errentan. 1974 aldean alde egin zuen, eta Amezti Zarreko Bittor Uranga Iraola jarri zen bertan bizitzen, Mungiako Begoña Olondo emaztearekin. Mendigain Txikin jaio zen euren alaba: Itziar Uranga Olondo. Bittor iturgina zen; eta Begoña, berriz, etxeko lanez arduratzen zen. Garai batean ganadu-bururen bat edo beste izaten zuten ukuiluan. Etxe inguruan zenbait fruta-arbola daukate oraindik, eta baratza txiki bat ere bai.