Erauntzeta Txiki

(Eraunzeta Menor(e)tik birzuzenduta)

Donostiako toponimiaren arabera, baserri honen lehenbiziko aipamena 1758koa da. Geroago, 1828an, Eraunceta Chiqui eta Eraunzeta Menor izenekin ageri da. Baserria Ibaeta aldean dago, malda batean eraikita. Lehenengo jabeak Txoza baserrikoak izan omen ziren, Anakleto sendia hain zuzen ere. Gaur egun, baserria guztiz erorita dago.

1925ean Plazido Insausti Otegi eta Simona Ganzarain Aranburu senar- emazteak etorri ziren Erauntzeta Txikira Beasaingo Arriaran auzotik, beren bost seme-alabekin: Sabina, Joxe, Anjel, Patricia eta Maritxu. Horien aitona ere, Santiago, Simonaren aita zena, beraiekin batera etorri zen. Baserrian bizitzen jarri eta gero, beste sei seme- alaba izan zituzten: Benanzio, Daniel, Luis, Kandido, Pepita eta Iñaki.

Plazidok Arpita baserriko Markos laguna zuen; behin, ferian topo egin eta Plazidok esan zion Igeldon baserria erosi nahi zuela. Gauzak horrela, salgai zegoen Erauntzeta Txiki ezagutzera etorri ziren. Baserria oso egoera txarrean zegoen. Hala ere, erostea erabaki zuten. Nonbait, ongi etorria txerri handi batek egin omen zien; itxuraz, oso harrera ona.

Aurreneko lana baserria egokitzea izan zen. Plazido buru argia zen eta etxeko konponketak egiten oso iaioa. Edozer moldatzeko gai zen eta, besteak beste, trebetasun aparta zuen aitzur- zein sega- kertenak egiten.

Etxe inguruko zelai guztiak otez beteta zeudenean, Santiago Gantzarainek igitaia hartu eta otea mozten zuen. Gero, lepo-otarretan hartu eta basora eramaten zuten. Bidean harriak jasotzen zituzten, eta gurditxoan etxera eraman, gero haiekin etxea konpontzeko. Denborarekin, baserriari alboan beste zati bat erantsi zioten; eta, geroago, txabola pare bat eraiki ere bai.

Argindarraren premia zutenez, Plazidok Etxebeste baserriaren inguruan zegoen erreka baliatu zuen argia lortzeko. Erreka horretan zegoen 12 bat metroko ur-saltoan turbina jarri zuen. Bizikleta baten gurpilaren antzeko pieza biribil bat egin zuen eta inguruan burdinazko burruntzali baten puntako kazoaren antzekoak jarri zizkion. Ura bertara erortzen zenean gurpil hura martxan jartzen zen eta uhal eta motor batekin argindarra lortu zuten. Erauntzeta Txiki errekatik 200 metrora zegoen, baina Plazidok baserritik maneiatzen zuen, noiznahi martxan jarriz edota geldituz. Argindarra inguruko baserrientzat ere jarri zuten: Etxebeste, Borda eta Balda Berri.

Baserriaren aldamenean zulo bat egin zuten, ura ateratzeko. Ur hori, edangarria ez zenez, ganaduarentzat izaten zen. Horren ondoan gobada-harri bat jarri zuten, bertan arropak garbitzeko. Edateko ura, berriz, Bordatik zetorren errekatik hartu zuten etxerako.

Baserrian zortzi bat behi eta txekor batzuk izaten zituzten, txerri pare bat, oiloak, idi parea eta pare bat asto ere bai. Idiak golderako erabiltzen zituzten, soroak harrotu eta baratza prestatzeko. Uzta oparoa izaten zuten: patata, artoa, babarruna, letxugak, piperrak...; fruta ugari ere bai: melokotoiak, udareak, sagarrak, pikuak... Plazidok ilargia kontuan hartzen zuen frutarbolak noiz kimatu erabakitzeko orduan, eta horretan ere ondo moldatzen zen. Bildutako sagarrak usteldu gabe mantendu eta urtean zehar jan ahal izateko, etxeko ganbaran gordetzen zituen, belar onduaren tartean.

Simona, baserriko lanak egiteaz gain, San Martin plazara joaten zen, barazkiak, esnea eta fruta saltzera. Parrokia handia zuen eta etxez etxe ere ibiltzen zen saltzen. Kandido semeak laguntzen zion saltzeko jeneroa etxetik Igarako autobus-geltokira eramaten. Ama-semeak goizeko 6:30ean astoa hartu eta autobus-geltokiraino jaisten ziren. Ama handik autobusean joaten zen San Martin plazara.

Jateko, esnea, taloa eta babarrunak txerri-pusketa batekin izaten zuten, eta, noizbehinka, okela ere bai, Simonak plazatik ekartzen zuenean. Artoa Igarako errotara eramaten zuten, irina egitera. Gerra ostean, errota prezintatu zutenez, etxean bertan egiten zuten. Dolarea ere bazuten, eta han sagardoa egiten zuten, etxerako.

Mendizorrotzetik Orioko mugarainoko errepidea gerra ostean egin zen. Donostiatik ekartzen zuten jendea lanerako, kalean topatzen zuten gazte jendea hartuta. Kandido eta Martin anaiei hala egokitu zitzaien. Haien osaba Daniel prest zegoen, baina ez zuten hartu; oso lodi omen zegoelako.

Gerra garaian, Joxe eta Anjel semeek eta haien hiru lehengusuk frontera joan behar izan zuten.

Plazidok promesa egin zuen onik itzuliz gero Kizkitzako Ama birjinari bisitan joango zitzaizkiola, eskerrak ematera. Denak onik itzuli zirenez, familia guztia joan zen Kizkitzako ermitara, Arpita baserriko Tomas Lizarazuren autobusean, agindutakoa betetzera eta meza entzutera.

Eskolara gutxitan joaten ziren, euriagatik baserrian lanik egin ezin zenean bakarrik. Batzuk Igeldoko eskolara, eta beste batzuk Aristegieta baserriko Markesaren alabarenera, hark eskolak ematen baitzituen Aristegietan bertan.

Azkenerako, baserrian Daniel eta Benanzio anaiak geratu ziren, gainerako anai-arrebak batera eta bestera joan baitziren bizitzera. Benanzio Arburu baserriko Pepita Etxebesterekin ezkondu eta seme bat izan zuten, umetan hil zena: Benantxito. Semea hil eta denbora gutxira, Pepita emaztea ere hil egin zen. Zenbait urtez bi anaiak bakarrik bizi izan ziren baserrian, harik eta 2000. urtean baserria Osinalderi saldu zioten arte. Orduan, herriko Elizondo etxera aldatu ziren bizitzera.

Iturria: Kandido Insausti